ERAIKI DEZAGUN EUSKAL HERRIKO EZKERRAREN BATASUNA

      "BATASUNA"REN AGIRIA

      Gure Herriaren borroka luze honetan, pertsona, talde eta erakunde askok lan egin dute Euskal Herriak askapen erreferentzia argiak izan ditzan. Orain dela ehun urte baino gehiago, lehenengo erakunde abertzaleak sortu zirenean, klase kontzientzia zuten lehenengo taldeak ere sortu ziren; batzuetan, elkarren aurka ibili ziren; beste batzuetan, aldiz, elkarlanean. Hala ere, oinarriak jarri zituzten orain dela berrogei urte sortu zen mugimendu politikoa, Ezker Abertzalea, eratzeko.

      Ezker Abertzalearen ekarpenak, independentzia eta sozialismoaren alde, euskararen alde, Euskal Herriko lurraldetasunaren aintzatespenaren alde, herrien arteko elkartasunaren alde, kultura herrikoiaren alde, talde eta norbanakoen askatasunen alde, emakumearen eskubideen alde, desmilitarizazioaren alde, ekologismoaren alde, gizarte justiziaren alde eta abarren alde borrokatu garen milaka eta milaka pertsonon erreferentzia izan dira eta dira.

      Prozesu historiko honen egungo etapan, gure herriaren historia politikoaren egoera garrantzitsuan gaude. Gure herria administrazio egitura desberdinetan zatitzen duen instituzio markoa agortuta dago; beraz, demokrazi eszenatoki berri batera jo behar dugu. Zapaltzen gaituzten estatuekiko loturak hautsi eta Euskal Herriaren nazio eraikuntza eta gizarte eraldaketaranzko urratsak egin behar dira, gure etorkizuneko nortasunaren oinarriak gaurdanik jartzea erabaki dugulako, Independentziaren etxea inori lan lizentzia eskatu gabe eraikiz.

      Zeregin hori bete ahal izateko, Euskal Herri osoko, Aturritik Ebrorainoko erakundea sortu behar dugu, Euskal Herrian orain arte garatutako antolakuntza esperientzia guztiak kontuan izanda. Gure asmoa esperientzia guztion onena bildu eta Euskal Herri aske, aurrerakoi eta solidarioa nahi eta behar duten pertsona eta sektoreen ilusioarekin batera bide berriari ekitea da.

      Etorkizuneko Ezker Abertzalerantz

      * Une erabakigarri hauetan, Euskal Herriak ezker anitz, koordinatu, eta indartsua behar du, herrialde guztiak biltzen dituen Euskal Herria eraiki ahal izateko. Era berean, ezker horrek eredu sozial alternatiboa proposatzeko gai behar du izan. Borrokatzen garenon batasunari horrenbeste kalte egin dioten banaketak eta "ismo" dogmatikoak bazter uzteko garaia da.

      * Hori guztia dela eta, agiri hau bultzatzen dugunok eztabaida esparrua eskaini nahi dugu, gure Herriaren nazio eraikuntza eta gizarte eraldaketarekin konprometitutako ezker osoa biltzeko, erradikaltasun eta borrokaren ildotik.

      * Globalizazioaren testuinguruan, kapitalaren interesen arabera eraikitzen ari den Europan eta nortasuna eta hitza ukatzen dizkiguten estatuen aurrean, jo behar dugu aurrera. Merkatuaren baloreek eraendutako munduari eta neoliberalismoak inposatutako diktadurari aurre egiteko, ezkerraren baloreak eta injustiziaren kontrako borroka berreskuratu nahi ditugu.

      Euskal Herri burujaberanzko ezker eraldatzailea

      Batzen gaituzten helburuen arabera eraiki nahi dugu ezkerra:

      * Independentzia: Euskal Herria osatzen duten lurralde guztiekiko Estatu bat eraiki nahi dugu, herrialde guztien aniztasuna eta bakoitzaren nortasuna bermatuz. Herriarengandik herriarentzat eraikitako Estatu burujabea dugu helburu.

      * Sozialismoa: euskal demokrazia sozialistaren garapena, hau da, gure herriaren kultur eta giza errealitatean oinarrituz berezko eredua eratzea, zeina, ondasunaren banaketan, berdintasunean, elkartasunean, norbanakoen eskubideen errespetuan, partehartzean, ekonomiaren kontrol demokratikoan, eta boterearen deszentralizazioan oinarrituko litzatekeen.

      * Euskal Herri euskalduna: hiritar eleanitzez osaturiko Euskal Herri euskalduna; ez dago Euskal Herririk euskararik gabe, eta euskarak ezin du bizi Euskal Herririk gabe, bere lurralde eta biztanlerik gabe.

      Gure konpromisoa eremu guztietara zabalduko da, baldin eta bertan egungo gizarte eredua eraldatu behar bada:

      * Benetako demokrazia parte-hartzailean oinarritutako gizarte ereduaren alde dihardugu, non gizarteak berak hartuko dituen erabaki politikoak, funtzio hori hautes eta instituzio jokora mugatu gabe.

      * Eraiki asmo dugun gizarteak sexu zapalketa, hots, emakumeen zapalketa, gainditu behar du. Hortaz, erakunde berriaren barneko eta kanpoko jardueran emakumeen eskubideen egiazko gauzatzearen alde borrokatzeak konpromiso saihestezina izan behar du. Horretarako, emakume eta gizonen arteko aukera berdintasun politika eraginkorrak bultzatuko ditugu eremu guztietan, gure gizartearen oinarria den eremu publikoaren eta pribatuaren arteko banaketa gainditzeko.

      * Natura bizi iturria denez, geroko edozein proiektu oreka ekologikoan oinarritu behar da. Garapenak ezin du ikuspegi ekonomizista hutsa eduki, errentagarritasunaren gainetik, ingurugiroa eta gizakia baitaude. Era berean, populazioaren osasunari egiten zaion eraso zabalari tinkotasunez aurre egin behar diogu.

      * Herriekiko elkartasuna gure printzipioetako bat izan behar da. Aberats eta txiroen arteko zatiketan, herrien desagerpenean, ezarritako gerrateetan eta abarretan oinarritutako mundu hau kontuan izanik, elkartasun internazionalista betebeharra da. Bere moduan, gure munduko herrien, hizkuntzen eta kulturen biodibertsitatea zaintzea ezkerraren ezinbesteko lana da.

      * Euskal Herriaren desmilitarizazioaren alde dihardugun heinean, espainiar eta frantses armadek eta poliziek alde egin behar dute gure lurraldetik. Horrezaz gainera, antimilitaristak gara militarismoaren "balore"en kontra egiten dugulako: autoritarismoa, hierarkizazioa, matxismoa, bortizkeria, gizarte kontrola. Eta armadarik gabeko Euskal Herria eraiki nahi dugu.

      * Sexu askatasunaren aldekoak gara eta, eremu horretan ere, askapen borrokari ekin behar diogu, gure gizartean, beldurraren, erruduntasunaren eta errepresioaren bidez, sexualitatea ulertzeko era mugatua zabaldu baita.

      * Sorterri, arraza, erlijio, sexu edo beste edozein gorabeheraren bazterkeriaren aurka borrokatuko gara. Euskal Herria komunitate anitza da; horrenbestez, eskubide eta askatasunak aldezten ditugu inolako bazterkeriarik gabe.

      Erronka berriei aurre egiteko erakunde berria

      Gure gizartearen eraldaketa handi hori gauzatzeko, antolakuntza dinamika berria garatu behar dugu, gure gizarte eredu alternatiboa azaldu eta gure Herriko mugimendu herrikoiek izan duten esperientzia zabala bilduko dituena. Demokrazia, partaidetza, aniztasuna eta balore aurrerakoiak erakunde berriaren ezinbesteko ardatzak izan behar dira:

      * Gure gizartearentzat aldarrikatzen dugun demokrazia parte-hartzailea eguneroko errealitate iraunkorra bilakatu behar da eraiki nahi dugun erakunde berriaren egituretan. Erakundearen horizontalitatean oinarritutako eredu parte-hartzailea, gardena, anitza eta demokratikoa izan behar da gurea.

      * Erakunde berrian, Lekuko Batzarra eztabaida eta erabakirako oinarrizko egitura izango da eta beste eztabaida, ekarpen eta erabaki marko kolektibo batzuk gauzatuko dira, lehen azaldutako helburuekin bat datozenen partaidetza aukerak handitzeko asmoz. Eraiki nahi dugun erakundeak egitura irekiak izan behar ditu sektore sozialek partaidetza handiagoa izan dezaten eta indar eta eraginkortasun handiagoa eduki dezagun.

      * Anitza eta eraginkorra: erakundearen sentsibilitate desberdinak eta euren elkarbizitza bideratzeko aniztasuna, batzen gaituena azpimarratuz beti. Aniztasunaren batasuna erakundearen oinarria izan behar da: lan ildo bakar bat ideien aniztasuna errespetatuz. Elkarrekiko errespetuak pentsatzeko modu desberdinen arteko oreka ekarriko du. Eraginkor izan behar dugu eta horretarako, erakunde berrian gutxieneko arauak finkatu behar ditugu: barneko adostasunaren erronka handia izango da.

      * Militantzia izango da erakunde berriaren ondare nagusia. Beharrezkoa da erakunde berriaren barruan konpromiso eta militantzi maila desberdinak aintzatetsi, bultzatu eta koordinatzeko formulak artikulatzea, eta kide bakoitzak bere jarduera garatzen duen lan eremu politiko eta sozialak errespetatu beharko dira.

      Egungo gizarte baztertzailearen zutabeetariko bat da sexu zapalketa, berau gainditzeko hartzen dugun konpromisoak erakunde berriaren funtzionamendu eta antolakuntza ereduaren baitan izan behar du isla. Hau dela eta, bitartekoak jarriko dira emakume eta gizonen presentzia eta eskuhartzea erakundean ahalik eta orekatuena izan dadin; beti ere, euskal emakumezkoen eta gizonezkoen biztanleria antzekoa dela irizpidetzat hartuz.

      * Eragile sozialekiko harremanak eta elkarlana. Erakunde berriak gure herriaren aberastasun politiko, sozial, sindikal eta organizatibo handia islatu behar du. Hori dela eta, ezer edo inor ordeztu edo irensteko ezelango asmorik gabe eta elkarlana eta etengabeko harremana kontuan izanda, gizarte eragileekiko solaskidetza eta ekintza bateratua bultzatu nahi dugu, Euskal Herriak behar duen aldaketa sozial eta politikoaren inguruko indar metaketa bultzatzeko.

      Herrigintzan; mobilizazioa eta borroka funtsezko tresnak

      * Bide horretan, borroka ezinbestekoa da. Ez zaigu ezer emango musu truk. Mobilizazioa eta borroka herrikoia funtsezkoak dira, soilik herriaren presiotik, herritarren mobilizaziotik, desobedientzia zibiletik, gizarteak ekimen politikoetan parte hartzetik baitira suntsiezinak herriaren garaipenak.

      * Eraldakuntza gauzatu nahi dugu instituzioetatik ere; instituziook demokrazia parte-hartzailearen zerbitzura jarri nahi ditugu gero eta pertsona eta sektore gehiagok ekarpenak egin eta erabaki politikoen baldintzak eta nondik norakoak zehaztu ditzaten.

      * Ideien borroka ere gure erronka da. Komunikazio alorrean gauzatzen ari diren aldaketa teknologiko handi-handi eta sakonak eta ezarri nahi dizkiguten balore atzerakoiak kontuan izaki, zuzeneko komunikazio bideak asmatu behar ditugu. Era berdintsuan, prestakuntza politikoa ezinbestekoa izango da erakunde berriarentzat, kultura politiko eraldatzailerik gabe, ez baitago gizarte aldaketa egiterik.

      GURE GARAIA DA

      Horiexek dira Euskal Herriko ezkerraren batasun prozesurako proposatzen ditugun abiapuntuko ardatz nagusiak. Aldamio horretatik, orain arteko esperientziaren zutabeetan eraiki nahi dugu eraikuntza handi hori, non ezkertiarrok, borrokalariok, abertzaleok eta Euskal Herri aske eta solidarioan sinesten dugun guztiok elkartuko garen.

      Hemendik aurrera, prozesua zabalik dago. Dena dago idazteke. Dena dago eztabaidatzeke. Dena dago erabakitzeke. Parte hartuko duzulakoan gaude.

      Índice home